Nor
gara?

Leinu bat, hamaika klan, Amarratz!

Amarratz Surf Taldeak, Barrika Surf Taldea lez, 1994ko jorrailaren 15ean Kirol Elkarte eta Federakuntzen Erregistruan izena emon eban. Halandabe larogeigarren hamarkadatik talde kontzientzia daukagu. Eta are gehiago, gure eremua (Kurtziotik-Meñakotzetik Portumera) 70. hamarkadaren hasieran hasi zan surfeatua izaten. Berez, nahiz eta taldeko izena hasierako jatorrian Barrikako izena eroan, kideak ez gara danak Barrikakoak, ezta gitxiago bere. Barrikako izen ha bertoko hondartzari jagokion, eta bertan aparretan (surfean) jarduten dogunoi. Baina batez bere, 1992ko urtean, taldea osoturik bage egoanean, urtero ospatuten genduan udako txapelketan kriston enbata pairatuterakoan alokatuta geunkan musika tresneria izorratu eta lau udaletik (Gorliz, Plentzia, Lemoiz eta Barrika) Barrikako udaletxea izan zan erantzun eban bakarra suertatutako galera osoa ordainduz. Gertaera honen omenez surf taldea eratzerakoan Barrikako izena erabili genduan. Sorrerako garai hartan, Barrikako Talaia aurrean horma bat eraikitzeko egitasmoaren ohiartzuna egoan eta horri aurre egiteko sortu genduan surf taldea. Barrika Surf Taldea.

Amarratz Surf Taldeko errealitatea Armintza, Gorliz, Plentzia eta Barrikako aparlarietaz horniturik dagoen taldea da. Plentzia/Gorliz (Tronfi) eta Armintzako itxosuetan aparretan (surfeatzen) ikasi, geroago Plentziako barran, Barrikara zangoa egiteko. Beraz, Amarratz Surf Taldea Gorliz, Plentzia, Lemoiz eta Barrikako herrien surfing taldea dala esan geinke. Eta ez ha bakarrik, baita bere bertokoak izan ez arren Uribe Kosta Goikoko (Barrika-Plentzia-Gorliz-Lemoiz) eskualde honetan aparretan jarduten diran aparlarien surf taldea da bere. Gure eremu bitxi hau sentitzen eta maitatzen dogunon surf taldea alegia.

Bitxia, bizi izandako hastapena eta hazkundea. Soziologo batentzat, agian, kriston astekeria litzake entzutea taldearen erakuntzan zeozer interesgarria eta adierazkorra daukagula gure euskal gizartearen islada ikus daikegulako. Hasieran batik bat. Gaur egun, desbardinketa soziologiko ha ez da horren bortitz eta argi ikusten.

Izenburuan ikus daikegu hamaika klan desbardinez osaturiko leinua garela: Amarratz. Gu danak batu egiten gaituena gure pentsakera eta izaera guztien ganetik Surfa da. Desbardintasun haundiko taldeez edo koadrilaz osaturik gagoz. Honen zergaitia errealitatean pairatu izan dogun egoera bitxia litzake. Alde batetik lau herri, herrikide artean egon daitekezan desbardintasunekaz. Beste alde batetik, herri bakotzeko udatiarrak eta ha danari berezitasun kultural-politikoa erantsi behar deutsogu. Ez da bardina gorliztarra, plentziarra, barrikoztarra edota armintzarra izatea. Ez da bardina bertokoa edota udatiarra izatea. Ez da bardina Gorlizko, Plentziko, Armintzako edota Barrikako udatiarra izatea edo ez izatea eta ez da bardina euskalduna izatea edo ez izatea. Beraz, hamaika klanekaz aurkituko gara. Desbardinak baina nolabaiteko alkartasunagaz. Gu batzen gaituena surfa da. Leinu bat eratzen dogu: Amarratz.

Agian batasun honen eragilea Tomás Bilbao izan zan, 1987ko udan antolatu eban “Barrika Surf Classic” txapelketaren bitartez. Aurreneko txapelketa hau Barrikan hasi eta itsasoa larregi haunditu zalako Plentzian amaitu behar izan zan Jupa Soler Gabi Panera gailendu ebalarik. Hurrengo urtean ez zan txapelketarik antolatu, baina 1989an Barbollatarrek hartu eben lekukoa. 1990ean Guillermo "Pulgi" (gaur egun Willy) P. Larraurik. 1991ean Joseba "Pato" Sánchezek eta Aritza "Kroma" Bizkarralegorrak. Urtero "Klan" desbardin batek hartzen eban udako txapelketa, Barrika Surf Classic-a, antolatzeko ardura. 1992an Gorki Laraudogoitia eta bere ingurukoen txanda izan zan. Ordurarte ez egoan taldea osoturik. Baina nolabaiteko leinua eratzen genduan. Urte horretan galerna batek alokatuta egoan musika tresneri osoa suntsitu eban eta Barrikako Udalak hartu eban kaltea ordaintzeko erabakia. Garai hartan, Barrikako hondartzako Talaia aurrean horma bat eraikitzea aurreikusita egoan eta horri aurre egiteko Gorkik eta bere ingurukoek surf taldea eratzeko prozesuari ekin eutsoen 1994ko jorrailaren 15ean Eusko Jaurlaritzan Barrika Surf Taldea lez izena emon eben Barrikako . Aurreneko zuzendaritza zazpi pertsonez osatuta egoan: Edorta Gironi lehendakari, Mikel Arrizabalaga lehendakari-orde, Mikel García idazkari, Gorka Laraudogoitia diruzain eta Bittor Laraudogoitia, Jon García eta Iñaki "Kako" Garai mahaikide.

Lau urte, lau txapelketa, antolatu ostean, 1999ko urtarrilaren 15ean zuzendaritza barri bat eratu zan: Andoni "Greñas" San Sebastián lehendakari, Erlantz Idigoras lehendakari-orde, Tomás Bilbao idazkari, Fernando "Nano" Lagos diruzain eta Jorge Peña, Ricardo "Hawaiano" Arroyo eta Asier "Marqués" Bilbao mahaikide. 2002ra arte egon ziran urtero udako txapelketa antolatuz.

2003an "klan" desbardinaz osatuta hirugarren zuzendaritza eratu zan. Javier Bizkarguenaga lehendakari, Eneko Álvarez lehendakari-orde, Aritza Bizkarralegorra idazkari, Asier Bilbao diruzain eta Benjamín "Benja" Bueno, Jon Alex "Jontxiki" González eta Mikel Marín mahaikide. 2008ra arte. Sei urteko tarte honetan udako txapelketeaz gain beste ekintza desbardin batzuk burutu genduzan. Prestige hondamendiaren galipotearen garbiketak, surf eskola, urte amaierako afariak, Barrikako jaietan txozna imintea, Plentziako, Gorlizeko eta Armintzako azoketetan arropa salmentak, webgunea, etabar. Garai honetan gure aparlariak federatzera bultzatu genduzan. Federatzeko kontzientziazioa bultzatu genduan. 2008an 127 bazkide federatuta gengozan.

2009an taldea desagertzear egon zan, ez zalako hautezkundetara inor aurkeztu, baina Aritzak eta Enekok hartu eben taldea mantentzeko erantzunkizuna bi ekintzekaz: federatzeko tramitazioa eta webgunearen mantenimendua. Baina gauza bategaitik edo beste bategaitik, airean lotu zan taldea mantentzeko saiakera.

2011ean Eusko Jaurlaritzako 2010eko kirol taldeetarako dekretua irakurri ostean Aritza buru-belarri hasi jakon taldea mantentzeko saiakereari. Garagarrilaren 8a baino lehen moldatu behar genduzan estatutuak bestela Kirol Erroldatik kanpo betirako lotuko gintzake. Horrela, 2010eko dekretuari egokituta, hiru pertsonez osaturiko zuzendaritza barria osotu genduan. Aritza "Kroma" Bizkarralegorra lehendakari, Igor "Giri" González lehendakari-orde eta Unai Ondarra idazkari. Eta aldi berean, taldearen izen aldaketa egin genduan, Barrika Surf Taldea izatetik, Amarratz Surf Taldea izatera igaroz.

Taldearen izen aldaketa 2005ean hartutako erabakia izan zan. Eta zergaitia hasieran agertu da. Barrika Surf Taldea, ez da Barrika herriko edo udalako surf taldea besterik. Gure taldea inguruko lau herrien surf taldea da: Barrika, Plentzia, Gorliz eta Armintza (Lemoiz). Azken batean Uribe Kosta Goikoko surf taldea gara. Gorliz-Plentziako Tronfian eta Armintzako kaiean aparretan (surfean) ikasten hasi, Butroeko errekan (Plentziako barran) jarraitu eta hortik Barrika, Kurtzio (Meñakotze), Atzurrekopunte (La Central, Txispazo) eta Portumera salto egin eta egiten dogun aparlariak (surflariak) gara. Eskualde hau, Kurtziotik (Meñakotzetik) Portumera (Arrastrakulosetara) sentitu, maitatu eta bizitzen dogunon aparlarion taldea. BST-ren (Barrika Surf Taldea) izen honegaz kanpotik batzuek uste izan dabe, barrikatarren edo Barrika hondartzan gabiltzan taldea besterik ez dala. Eta gure errealitatea bestelakoa da. Horregaitik, gu identifikauten gaituen izen bat bilatzeari ekin geuntsan eta amarratz iruditu jakun egokiena. Gure inguru hontan, Barrikatik Lemoizera dagoan eskualde hontan dagoan itsas-izaki esanguretsuenetariko bat AMARRATZA da. Egunero itsasbeheran ikusten dogu gure putxuetatik zehar norbait animali preziatu honen bila. Bertoko arrantzaleek olagarroari Amarratz diotse. 2005etik badaukagu amarratzaren logoa. Lau hankako amarratza, hanka bakotxa herri bat ordezkatu egiten dauelarik: Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentzia.

Gure doguna hasieran geunkan taldearekiko nortasun ha gaur eguneko gazteengan berreskuratzea. Klan desbardinak jaio daiezan eta desbardintasun horreek suposatzen dauan aberastasunagaz leinua, Amarratz, bizirik dirauan.

Gitxi gora-behera gure historiaren laburpen zehatz bat aurkeztu deutsuegu, baina gure taldearen historia taldekide bakotxak daukan historiaz hornituta dago. Beraz, zuzenena, interesgarriena eta aberasgarriena taldekide bakotxaren historia entzutea liteke. Lan eta denbora haundia suposatuko leuke. Beraz, ideia ha baztertu bage, hasiera bezala aitzindariengana joko dogu: Edorta Gironi Iturraspe.

"Nik 17 urte izan arte ez nekian surfari buruz ia ezer. Behin telebistan erreportai batean australiar batzuk Australiako mendebaldeko kostaldetik itxosuek (olatuak) harrapatzen jojazala ikusi neban. Hippyak ziran. Beste batean, nire anaia Fito National Geopraphic aldizkarira harpidendua egoala, hawaiar aparlari (surflari) batzuei buruzko beste erreportai bat irakurri neban."

"Gorlizen itxosuek ezer bage, gure gorputzagaz, harrapatzen genduzan eta urbazterreraino joaten gintzezan. Lehen horrela egiten zan. Geroago egurrezko planking-ekaz. Planking bati hego bat erantsi neutson, baina zutik aparretan (surfean) ez."

"Plentzira bai Algortatik zein Sopelatik etorten ziran, baina nik ez nebazan ikusten edota behintzat ez dot gogoratzen. Plentziko barran txalupagaz arraunekaz aparretan (surfeatzen) jarduten ginan. Aitzindariak Pradera, Elejoste (honek soka bat eukan gerrikaldean ipinita eta oholaren tontorran lotuta. Ohol tontorra hondoratzear eukala, sokatik goruntza tiratu egiten eban tontorra igotzeko), Jon Susaeta, Eskauriaza (oso ona), Tatono Gareizabal (Estatu Espainiarreko txapelduna), Goio Iturregi (bizkarrez, Estatu Espainiarraren txapelduna Sopelan zemendiaren 1 batean eta neoprenorik bage-Surfer Magazine aldizkarian aipamen bat dauka)."

"1972an, 17 urte bete nebazanean, nire gurasoek nire anaia Fito ta ni Miarritzera eroan gintuzten. Cote Basques-era. Bertan ikusi nebazan olaundilariak (tabloilariak) beren Wolkswagen furgonetekaz. Californiatik, Australiatik eta Frantziatik etozan. Itzela iruditu jatan. Hau nire neurrira egindako gauza zala pentsatu neban. Bertan Joe Moraizek surf saltoki bat eukan. Moda arroparik bapez. Aparretako (surfeko) tresneria soilik saltzen eban. Sasi-hippie nahiko nagusia zan. Berrogei eta hamar inguru (kar-kar-kar). Hurrengo urteko udabarrian, Baionan, bosgarren eskuko Barland ohol bat eta aldi berean, neure aurreneko neopreno jantzia erosi nebazan. Long-John bat jaketxu eta monoagaz. Ordain agiria oraindik gordetzen dot etxean."

"'73ko jorrailaren 4ean lehendabiziz Gorlizen neure oholagaz uretaratu nintzan. Itxosuek (olatuak) txiki-txikiak ziran. Arraunean hasi nintzan. Ez egoan surf eskolarik, ezta parafinarik. Drogeriatan erosten genduan parafina antzeko zeozer zatitzen genduan. Sokak ("invento"-a) baegoazan baina arriskutsuak ziran gomazkoak izanda errebote efektua eukitzen ebelako. Ganera, eguzkiaren eraginaz larregi lehortzen ziralako erraz apurtzen ziran. Muki-zapi bategaz lotzen genduan soka eta gero oso gatz suertatzen jakun ha askatzea. Txapinik ez genduzan erabiltzen, ezta eskunarrurik eta ur mordoa sartzen jakun neopreno jantzitan."

"Ederto genbiltzan internet barik! Garai hartan gaur egun bere lagun daukadan lagun bat neukan: Jesús Iturmendi. Oholak Gorlizen lagatzen genduzan eta astegoienetan busez Bilbotik gentozan. Ez genkian ziurtasunaz itxosurik baegoan. Ander Deuna baselizara heltzean itzelezko zirrara nabaritzen genduan gure barrenetan itsasoari so egiterakoan".

"Plentzian oso aparlari gitxi egoan. Gu geu bakarrik. Baegoazan bere Sarmiento anaiak: Pipe eta Diego. Itsasoa haunditzen zanean Algortatik Basterra, Eskauriza, Ibarra, Jauregi etabar etozan. Gu baino harroputzago. Burua goian eta sorbaldak igota arraunean ziharduen. Maila ona egoan eta gure hondartza zalako guk bere maila ederra bereganatu genduan. Itsasoa haundi-haundi egoanean hondartzatik ebilen patata saltzaile baten patatak jaten genduzan: Boni. Gure janaria zan. Gure eskuko atzamarrak tximurtuta lotuten jakuzan."

"Surfer Magazine aldizkarira harpidetu nintzan Bilboko Euskalduna kalean egoan Cámara liburudendan. Uste dot lehenengo bilbotarra izan nintzala eta aldizkariak bi hilabetero jasotzen nebazan. Gaur egun 1971. urtetik ia danak koadernatuta gordeta daukadaz. Surfing Magazine bere baegoan."

1974ean Sopelaz gain (hemen Estatu Espainoleko txapelketa ospatu zan eta gu geu epaile eta aparlari lez genbiltzan) leku barriak bilatzera abiatu gintzezan. Barinatxe, Ereaga (zer nolako itxosu ederrak neguan! Behin hogei egun jarraian koiu genduan lurreko haizegaz), Mundaka (wipe out ederrak, baina aldi berean haitzulo galantak. Ha bai itxosue! Atzerritarrak egoazan eta bertokoak gitxi. Batzutan bakar-bakarrik jarduten ginan). Bakion eskuma onak."
"Leku barriak Barrika, Ogeia, Sonabria (uste genduan aitzindariak gintzala, ez egoalako inor, baina gu baino lehen beste batzuk sartu ziran), Oriñon, Laredo (hemen itsasoa oso-oso haundia egoanean uretaratzen ginan Estatu Espainoleko aitzindariekaz: Fiochitarrak, Merodio, Zalo, Campa etabar. El Puntal-en itxosu onak)."

"Behin Armintzako kaiara joan eta bertan uretaratu ginan. Ordura arte, ez zan inor aparretan (surfeatzen) aritzeko sekulan uretaratu. Jenteak txundituta eta harrituta begiratzen gintuen."

"Beste egun batean, Deustuko zubian gasolina hartzen, auto ganean oholak geunzkazala, gasolindegikoak galdetu euskun ea erreka gogor baetorren. Uste eban oholak piraguak edo horrelako zeozer zirala."

“Oholak gu geuk konpontzen genduzan eta katalizadore larregi botatzearren kea urteten jakun. Beldurgarria benetan!"

“Barrika. 1974ko amaieran izan zan gure aurreneko aldia. Guretzako aurkitu genduan, baina bapatean hiru puntu baltz ikuskatu genduzan: Estanis Eskauriaza, Jon Susaeta eta Patricio Morenés (azken hau gaur eguneko Defentsa Ministroaren anaia). Aitzindariak hiru honeek izan ziran. Hiru urte jojazan beraiek bakarrik Barrika harrapetan. Jesús Iturmendi eta ni, Julio Del Val, Ceballos “El Chati” eta Basterratarrekaz batera uretaratzen hasi ginan bere. Eta horrela jarraitu genduan gu bakarrik 1976ra arte. Agian baten bat gehiago ahaztu jata aipatzea. Geroago Gonzalo Gandarias, Luca de Tenatarrak, Delclaux, Sarmientotarrak etabar etorten hasi ziran.”

“Itzela zan! Eskilararik bage eta hondar gitxigaz. Batzutan sopeloztarren bat urreratuten jakun, baina bakan batzuk besterik ez. Egun batean, Kiko Ledgarden, “1-2-3 responda otra vez” programaren aurkezlearen, seme bat etorri zan. Peruarra eta ohol txiki bat erosi neutson.”

“Gu ohol nahiko txikiekaz genbiltzan. 6’11-7’2, baina oso potoloak. Rocker mehe eta buztan zorroztuagaz. Single finak. Olaundian (Longboard) gitxitan giharduen, oholak kriston pisua eukielako. 30 kg edo.”

“Estanis Eskauriazak reentrie ikaragarriak egiten ebazan. Jon Susaeta tube-riderra zan. Nik 600 laranja bat neukan. Beste giro bat bizi genduan. Saiak bere baegoazan, baina gitxi ziran. – Emoiok, zurea da, ni atzekoari emongotsot. Askotan, denbora luzean, orduen luzean, jarduten nintzan ni bakarrik aparretan (surfeatzen). Goikaldean ardiak besterik ez egoan errepide nagusira heldu arte. Noz-noz jaitsi gintzezan zelaia edurraz zurituta.”

Jarraituko dogu...

 


 
Edukiak BST-ena dira 2013.